EAJ, PSE-EE eta EA udal-alderdi politikook kudeaketa-plan bat egin dugu 2007-2011 legealdirako. Ordiziarrekin elkar aditzea, lankidetza eta konpromisoa bultzatu nahi ditugu, ziur gaudelako gure herriak gobernu egonkorra eta arduratsua behar duela.

Herri solidarioa eta berritzailea lortzeko, ondorengo jarduera-ardatz nagusiak jorratuko ditugu:

  • Administrazioa herritarraren eskura jartzea,
  • ordiziarrok behar dugun etxebizitza,
  • gure pertsona adinduek behar dituzten zerbitzuak,
  • genero-berdintasuna sustatzera zuzendutako ekintzak,
  • haurrak, nerabeak eta gazteak,
  • auzoen eguneraketa,
  • euskararen normalkuntza,
  • Udalaren gaurkotzea,
  • ingurumena errespetatzea,
  • kultura zabaltzeko eta sortzeko prozesuen sustapena,
  • ondarea zaintzea eta baloratzea,
  • herritarren parte-hartze prozesuen sustapena.

Gure asmoa da, 4 urteren buruan, ordiziarren bizi-kalitatea gaur egungoa baino hobea izatea lortzea, udal-baliabide publikoen kudeaketa eraginkor, garden eta herritarrarekiko hurbilaren bidez.

Kudeaketa-plan honek zortzi helburu nagusi ditu.

  1. Kalitate-estandar hobeagoak sustatzea herritarren zerbitzuari dagokionez, gehienbat herritarren parte-hartzeari begira, informazioaren eremuan eta auzoekiko politikari dagokionez. Ordiziarrekin harreman zuzena izango dugu uneoro. Auzoen, Boluntarioen eta Herritarren Partaidetzarako Ordezkaritza sortu eta Informazio- eta Komunikazio-politika berri bat diseinatuko dugu.
  2. Etxebizitzako udal-politika publiko bat sustatzea, etxebizitzaren gaur egungo garestitze-prozesuari aurre egiteko. Egungo hirigintzako plangintzaren arabera, San Juan auzoan 572 etxebizitza egingo ditugu, horietatik 416 babes ofizialekoak, eta “Granja” auzoan, berriz, 54. Halaber, “Floreagan” babes ofizialeko 27 etxebizitzen eraikuntza kudeatu eta hutsik dauden etxebizitzak aztertuko ditugu.
  3. Hirigintzaren arloan, etorkizuneko Ordizia diseinatzea. Arau Subsidiario berrien diseinua abian jarriko dugu. Oinezkoen mugikortasuna hobetuko duen Udal Irisgarritasun Plan bat egingo dugu, eta orobat mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat eraikinak egokitzeko laguntza-programa bat. Gure herriko plangintza orokorra diseinatzeko orduan, iraunkortasun-printzipioak kontuan hartuko ditugu.
  4. Gizarte-zerbitzuen sareari bultzada berri bat ematea. Eguneko zentro bat irekiko dugu; egoitza-plaza kopurua handituko dugu; Zaharren Etxea handitu eta berrituko dugu; etxez etxeko laguntza normalizatuko dugu eta tutoretzapeko etxebizitzen programa diseinatuko dugu.Era berean, herritarren partaidetzarako lau organo berri jarriko ditugu martxan. Zehazki, laster abian jarriko dugun Gizarte Ongizateko Kontseilu Lokala, Hirigintza Plangintzako Aholku Batzordea eta Kultura eta Kirol Kontseilu Lokalak.
  5. Politika sektorialen diseinua eta garapena bultzatzea hainbat talderen beharrei, eskaerei eta ezaugarriei erantzuteko. Adinekoei, haur, nerabe eta gazteei, emakumeei, minusbaliatuei eta etorkinei zuzendutako planak egingo ditugu.
  6. Ordizia gune hezitzaile bihurtzea. Herri Hezitzaileari buruzko egitasmo hau urtarrilaren 9an aurkeztu genuen. 1990. urtean, Herri Hezitzaileak izeneko mugimendua sortu zen, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko lankidetza-foro bat eskaintzeko asmoz. Herria hezitzailea dela esaten dugunean, hauxe esan nahi dugu: Herriak hezkuntza-asmoa du ezaugarri. Asmo honek, bada, konpromiso politiko bat behar du, eta baita herritarren konpromisoa ere.Bestalde, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusi berria abian jarriko dugu (2007/2011); ondare artistikoa eta kulturala birgaitzeko beharrak planifikatuko ditugu, beste kultura batzuk ezagutzeko programak diseinatuko ditugu; eta lehen aipatutako Kultura Kontseilua sortuko dugu.
  7. “Guztiontzako” kirola sustatzea. Udalak, Ordiziako kirol elkarte guztiekin batera, Ordizia Kirol Elkartearen funtzionamendu berria zehazteko plan bat garatuko du. Horrela, Ordiziako kirol-arlo guztiak ordezkatuta egongo dira organo erabakitzaileetan.Urtero, herriko kirolari garrantzitsuenak aitortzeko ekitaldi bat egingo dugu jendaurrean; eskola-kirolari laguntza teknikoa emango diogu, eta urtero, inkestak egingo ditugu kirol-instalazioen erabiltzaileen iritziak jakiteko, eta emaitzen arabera neurriak hartzeko.
  8. Eskualde osoaren lankidetzarekin, Ordizia Berrikuntza Gune moderno eta berri baten egoitza bihurtzea. Gune moderno honek inguruko enpresen berrikuntza-beharrei erantzungo die.