Ordizia

Epaitegietatik iristen den hirugarren erabakia da, eta guztiak Udalaren aldekoak izan dira. Epaiak ez du helegiterik aurkezteko aukerarik

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Epaitegi Nagusiak itxi du dagoeneko Oiangu Bizirik plataformak Ordiziako Udalari egindako salaketen zerrenda eta Oianguren parkeko proiektuan egindako jardueraren inguruko eztabaida. Apirilaren bukaeran bidalitako epai irmoaren bitartez, Auzitegiak Udalaren aldeko erabakia hartu du, errekurtsoak jartzeko aukera baztertu du eta plataformari epaiketetako gastuak ordaintzeko zigorra ezarri dio.

Udal Gobernuko EAJ/PNV eta PSE alderdietako ordezkari politikoek gogorarazi dute, 2005eko otsailean Ordiziako Udalak Ikena enpresari esleitu ziola Oinguren parkearen ustiapen-lana hotel-jatetxe bat eraiki eta golfarekin lotutako aisialdi jarduerak garatzeko, eta Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuela.

Aipatutako esleipena egin ondoren sortu zen “Oiangu Bizirik” plataforma, ezker abertzaleko beste hainbat sektorerekin batera proiektuaren aurka egin zuten eta esleipen erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuten epaitegietan. Donostiako Auzi-bide Administratiboaren epaitegiak plataformaren eskaera indargabetu zuen, eta plataforma erabakiaren aurka zegoenez Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen.

ARARTEKOA oker zegoen

Aurtengo apirilean Auzitegiak berriro eman du epai irmoa, Udalari arrazoia emanez eta gaia behin betirako itxiz, ez baitago erabaki horren aurkako helegitea aurkezterik. Auzitegiak, gainera, plataforma epaiketa gastuei aurre egitera behartu du.

Gogorarazi behar dugu plataformak Udalaren aurkako salaketa dezente egin dituela. Politikarien aurkako salaketak bakarrik ez, teknikarien aurkakoak ere egin ditu. Salaketa horien artean honakoak ditugu: prebarikazioa, prozeduran legea ez betetzea, irregulartasunak, eremu publikoak pribatu bihurtzea eta esleipena zuen enpresaren aldeko tratua izatea.

Honekin batera azaldu nahi dugu plataformak ARARTEKOra jo zuela eta erakunde honek arrazoia eman ziola plataformari eta Udalak jarraitutako prozeduraren aurka azaldu zela, eta Udalak jarraitu beharreko bidearen inguruko gomendioak eman zituela. ARARTEKOA oker zegoen. Zentzu honetan, epaiak dio Udalak zorrotz bete duela ezarritako legezko prozedura. Justizia Auzitegi Nagusiak argi eta garbi utzi du hori.

Plataformak Oiangurengo Antolamendurako Plan Bereziaren aurka egin zuen, Plan Berezia eta udalerriko Hirigintza Plangintzako Arau Subsidiarioak (AASS) bateraezinak zirela argudiatuz. Justizia Auzitegiaren arabera, bada, Plan Berezia eta AASSak guztiz bateragarriak dira.

Kontzesioaren esleitze akordioari buruz, epaiak honakoa dio “Udalak egindako kontzesioak ez du interes orokorraren aurka egiten eta defendatzea dagokion interes publikoa interes pribatuaren gainetik dago beti, interes pribatua edozein izanda ere”. Gainera, eransten du Plan Bereziak erabilera publikorako lehen aukeran zegoena baino lursail handiagoa zabaltzen duela.

Auzitegiaren esanetan, plataformaren helburua ez da legezkotasuna defendatzea, baizik eta, besterik gabe, gustuko ez zuen proiektua ez bideratzea. Horretarako, salaketa eta errekurtsoz beteriko estrategia eztabaidagarria jarri zuen martxan, auzitara eramandako udalerriaren hautua bideraezin egiteko xedearekin.

Ez irregulartasunik, ez prebarikaziorik, ezta aldeko traturik ere

Udal gobernuko EAJ/PNV eta PSEko ordezkariek euren nahigabea azaldu nahi dute, proiektua bertan behera gelditu delako, ez direlako lanpostu berriak sortu, ez duelako udalerriak eskatutako hotel-jatetxeak aurrera egin eta ez duelako kirol eta turismo arloko aukera berriak aurrera egin.

Bereziki larria iruditzen zaio proiektuaren esleipena zuen enpresari egindako kalte moral eta ekonomikoa, eta agintari politikoei egindako kaltea eta, batez ere, egindako salaketekin proiektua garatzen aritu diren Ordiziako Udaleko teknikariei egindako kaltea. Udalari iruzurrekin jokatu izana eta proiektua publikoki esleitu ez izana leporatu zitzaion. Epaiak zalantzarik gabe dio ez dela ez irregulartasunik, ez iruzurrezko jokaerarik, ez prebarikaziorik ezta inoren aldeko traturik egon. Gai hau “auzitarako gaia” (caballo de batalla, zehatz-mehatz) izango zela adierazi zuten bere garaian. Honela hitz egin zutenek herritarrak engainatu dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak plataformak eta beste hainbat talde politikok orain dela denbora gutxi arte egindako salaketei erantzuna ematen die. Ez da egia proiektua “handiegia” zela Udalarentzat edo honen “ezagutza falta” agerian utzi duela edo “behin eta berriz hanka sartu duela” edo ez duela jakin “gaia kontrolatzen legezko ikuspuntutik. Horrekin batera gezurra da “informazioa ezkutatu” dela edo “gezurra esan” dugula, begi bistakoa baita ezkutatzeko moduko ezer ez zegoela. Udalak arlo publikoa pribatizatu nahi izatea ere ez zen egia, edo egoera honen guztiaren arduradun Ordiziako udalerria zuzentzen duten alderdi politikoak zirela esatea ere ez zen zuzena. Hau guztia egia izan balitz Auzitegiak udalaren aurkako epaia emango zuen, eta ez da horrelakorik gertatu.

Errekurtsoa jarri zuenak ere epaia dagoeneko jasoko zuela uste du Udalak eta oraindik, gaur, maiatzak 7, horren berri zergatik ez duen eman jakin nahiko luke. Are gehiago, aste honetan bertan plataforma EITBko kameren aurrean agertu da esanez, besteak beste, ‘legea ez dela bete’, ‘egoeraren utzikeria’ dagoela eta Udala gobernatzen duen pertsona batzuen dimisioa eskatzen du. Agerian geratu da plataforma ari dela gezurretan eta informazioa ezkutatzen ari dena.

Tags: